XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(Ea, ulanook: orain, zuen txanda, tronpetak, tronboiak, perkusioa: bat, bi...)

Eta haren boza dantzut, entzun-arazi behar diot neure barrunbe osoari:

- Ihes egik, alde egin ezak azkar, gomuta triste urratuen zelai behere eta amildegietatik.

Jarrai hakie mendimazeletan barrena, muinorik muino, ordekak zeharkatuz, aurrera, beti ere aurrera doazen ulano zangarren estandarteei.

Eta nik, eta guk denok, men degiogu, eta diosala, haren bozari:

- Jawohl, mein lieutenat Mugitz..., zure aginduetara, ene liotinanta!

Zeren nik, Rudolph von Olertz kapitainak poz-zirrara handia sentitzen baitut oraindik beren konpainian, beren eskuadroian, onartzen nautela egiaztatzean.

Zeren eta ni, Von Olertz kapitaina, kapitain degradatua natzan arren, gatazkarakoan koldar izan omen nintzelakoan, ez bainaiz zinez koldarra, bidegabeki izan naiz epaitua.

Orain badakusat, ordea, ez nautela guztiz baztertua, sargento bezala bederen nire zerbitzuen premia baitute, eta harro nago; are harroago, noski, Mugitz liotinant zangarraren ahotik hitzok entzutean:

- Willkommen, Von Olertz Hauptman, ongi etorri, kapitaina!.

Hots! Bere kapitaintzat ez, baina kapitaintzat bai, aintzakotzat hartzen nauela garbi adierazi dit gazte adoretsu honek, irribarre zabal batez.

Hau poza... Baina adi diezaiodan zer diostan:

- Ongi etorri, kapitaina... Harako kota hura geureganatu behar dugu.

Dakusazunez, altura honetan, etsaiaren su gurutzatu eta morteroen irispidetik at gaude.

Eta gaineratu dit:

- Kapitaina, uste dut etsaien defentsa-lerroetan artesi handi bat ireki dugula, (...)